top of page
Writer's pictureIBARBERRI

Ibarberritik mundura

Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 4.mailan dauden ikasleek bukaera eman diote 2019-2020 ikasturtean hasitako “Describing people!” izeneko eTwinning proiektuari.


eTwinning Europako ikastetxeen komunitatea da. Informazio eta Komunikazioaren Teknologien (IKT-en) erabileraren bitartez, ikastetxeen arteko trukea, elkarlana eta komunikazioa sustatzen ditu.

Ibarberri Ikas Komunitateak ingelesa modu funtzional batean landu nahian, programa honetan parte hartzea erabaki zuen. 2017-2018 ikasturtetik hona hiru proiektutan parte hartu du: “Exchanging Christmas cards”, “This is my country” eta “Describing people!”

Aipatu berri dugun “Describing people!” izeneko proiektu hau ikasleek parte hartu duten azkena da eta deskribapenak ingelesez modu esanguratsu batean lantzeko helburuarekin sortu zen.

Horretarako, eTwinning plataformako foroan ideia eta helburu orokorrak proposatu ziren eskolatik. Italiako eskola bat izan zen proiektuaren inguruan interesa adierazi eta aurrera egiteko gogoa izan zuen lehena. Proiektuaren zirriborroa bertako irakaslearekin elkarlanean osatzen joan zen. Prozesu honetan zehar Finlandiako irakasle batek ere interesa adierazi zuen. Esperientzia aberasgarria izango zelakoan, hiru ikastetxeek aurrera egitea erabaki zen. Zirriborroa garatutakoan eta proposamenak itxura hartzean, eTwinning-eko “Laguntza-zerbitzu nazional”-era bidali zen bertako oniritzia jaso eta lanean hasi ahal izateko.

Hasiera batean, ikasleei proiektuaren helburua azaldu zitzaien. Ikasle bakoitzak norbere deskribapena idatzi behar izan zuen. Ondoren deskribapenak esleitutako eskoletara bidali ziren haur bakoitzak bere kidearen deskribapena irakur zezan.

Behin kidearen deskribapena irakurri eta ulertuta, irudimena martxan jarri eta pertsona horren ezaugarrien araberako erretratua marrazteko unea iritsi zen.

Proiektuaren azken helburua google aurkezpen kolaboratibo bat osatzea zen, norberak idatzitako deskribapena eta kideak egindako marrazkia uztartuz.

Proiektuari bukaera emateko eta elkar agurtzeko asmoz, hiru eskolen artean bideodei bat egitea adostu zen.

Proiektu honek gaitasun komunikatiboa, artistikoa, irudimena eta sormena modu atseginean lantzeko aukera eskaini zien haurrei. Ikasleak gogoz aritu ziren lanean eta gutunak jasotzeko eta elkarlanean sortutako emaitza ikusteko irrikaz egon ziren. Behin deskribapenak bidali zituztenean erantzuna jasotzeko itxaronaldia oso luzea egin zitzaien arren emozio handiz bizi izan dute proiektua.

Irakasleek, errealitate desberdinak ikusi, elkarlanean aritu eta elkarrengandik ikasteko esperientzia aberasgarriaz gozatu zuten.






Comments


bottom of page